Gu haziak gara elkartea kanpotik datozenei gizarteratzen laguntzeko asmoz sortu zen 2013an. Talde horrek, Ilargi plazako inguruak koloreztatu ditu, komunikazioa, aniztasuna eta berdintasuna irudikatuz.
Elkartekoek aspalditik zerabilten buruan mural bat egiteko ideia, eta pentsatu zuten herritarren artean aukeratzea ideia ona izango litzatekeela. Hala, babesik handiena lortu duen irudia egin dute.
Elkarlanean
Hasiera batean, emakumeekin eta haurrekin egiteko proiektua bazen ere, margotze prozesua aurrera zihoan heinean jende gero eta gehiago batzen joan zaie, eta jende askoren artean egin dute artelana. Hala, Marokon, Mexikon, Kolonbian, Saharan, Txilen, Espainian edo Euskal Herrian jaiotako 7 eta 56 urte bitarteko lagunek parte hartu zuten margotze lanetan.
Margotze lanetan aritu direnek, talde lanean aritzearen onurak ezagutu dituzte, eta esperientziaren balorazio oso positiboa egin dute.