Balantze ekonomikoa ere positiboa da, diru kontuekin lotuta 5.000 euroko superabitarekin amaitu du-eta urtea Aretxabaleta Kirol Elkarteak. Eta elkarteari aukera berriak eskainiko dizkion proiektuak dituzte esku artean: futbol zelai berria eta elkartearen egoitza Durana kalean. Azken horri dagokionez, zenbait egokitzapen lan egin behar dituzte oraindik, baina aurreikusten dute udazkenerako bulego berria zabaltzea.
Futbol Zazpiko zelai berria
Futbol zelai berriari dagokionez, berriz, kiroldegiaren eta futbol zelaiaren artean dagoen eremuan futbol zazpiko zelai berria egingo dute. Udalarekin akordioa lortu dutela jakinarazi zuten eta horrek aukera emango diela neskei mutilak dituzten baldintza berdinak eskaintzeko, neskak UDAren estruktura berdinean integratzeko eta futbolean egin nahi duten gaztetxo guztiei ateak zabaltzeko.
Armarria berritzeko lehiaketan, Jon Ander Alberdi irabazle
Bestalde, elkartearen 70. urteurrena dela-eta armarria berritzeko lehiaketa deitu zuen Aretxabaleta Kirol Elkarteak. Epaimahaiak aukeratu du irabazlea eta egubakoitzeko batzarrean eman zuten erabakiaren berri. Hala, jakinarazi zuten lan asko aurkeztu dituztela eta irabazlea Jon Ander Alberdik egindako armarria izan dela. Beraz, armarri hori erabiliko dute hurrengo urteetan. Aretxabaletarra eta UDAko bazkidea da armarria egin duen Alberdi.
Seberiano Iturbe, ohorezko bazkide
Bukatzeko, UDAren urteko batzarrean une hunkigarriak ere bizi izan zituzten, sail bakoitzetik eta futbol talde bakoitzetik jokalari bat saritzen du-eta elkarteak. Lortutako emaitzak baino kiroltasuna saritzen dute. Hala, besteak beste, aurten, Seberiano Iturbe izendatu dute ohorezko bazkide, bizitza guztia eman duelako UDArendako atzeko lanetan. Iturbek hunkituta jaso zuen saria.