Getariatik, Debatik edota Mutrikutik etorritako txakolin ekoizleak batu dira gaur Mitarte kalean. Hondartzarako moduko giroa egonik ere, jende dezente animatu da gerturatu eta txakolin desberdinak dastatzera. Gainera, edatekoa bakarrik ez, gazta edota urdaiazpikoa ere izan dira, edaria mokadutxo batez laguntzeko.
Kostaldetik barnealdera
Txakolin postuetako ordezkariek nabarmendu dute "garrantzitsua" dela barrualdean ere, kostaldean bezala, txakolinarekiko grina piztu eta hura kontsumitzeko ohitura sustatzea. Horregatik, era honetako ekimenak positibotzat jo dituzte. Izan ere, normalean parte hartzen duten Txakolin Egunak kostaldean antolatzen direla azaldu dute.
Positiboa izan da ere Joxe Mari Uribarren kultura zinegotziaren balorazioa. Ekimena udako asteburuetan herriko giroa sustatzeko asmoz sortu dute, eta zentzu horretan iritzi dio herritarrek erantzun ona eman dutela.
Bestalde, txakolinari dagokionez, "oso ona" dagoela adierazi du, nabarmenduaz duela urte batzuetatik hona "asko hobetu" duela. Uribarrenek dio garrantzitsua dela Euskal Herriko produktuen kalitatea baloratzea.