Azpimarratutako zifra 1331 izan zen, ekintza desberdinetan parte hartu zuten aretxabaletar kopurua, hain zuzen. Iñigo Iñurrategi elkarteko presidenteak dio mugarri moduan jarri behar dela kopuru hori eta aurrerantzean gainditzea izango dela erronka.
Euskara elkarteak ekintza ezberdinen antolaketan udalarekin daukan harremanaren inguruan ere jardun ziren. "Hainbat hitzarmenen bitartez, elkarrekin lan batzuk egiteko konpromiso bat daukagu eta nik esango nuke udalaren eta gure arteko harremana ona dela. Horregatik, hemendik aurrera ere hizkuntzaren normalizazioaren mesedetan elkarlanean aritzea nahiko genuke", dio Iñurrategik.
Azpimarratutako gai bat eskolaz kanpoko eta aisialdiko ekintzena izan zen. Horri lotuta, etorkinen integraziorako euskarak daukan garrantzia ere nabarmendu zuten. Horretan lan egiteko eta eragile ezberdinekin elkarlanean aritzeko prest azaldu da elkarteko presidentea. "Badaukagu asmoa elkarte ezberdinekin hitzartu eta aztertzeko ea nola indartu genezakeen euskararen aldeko konpromisoa. Beraz, lanerako prest dauden elkarteko guztiekin elkarlanean aritzeko prest egongo da Loramendi", azaldu du.
Aisialdiari lotutako proiektuak, hizkuntza errefortzuari lotutakoak eta helduei begira egiten diren beste hainbat ekimen izan ziren iaz, eta aurten, bazkideendako eskaintza berria egitea da elkartearen asmoa."Gazte talde bat osatzeko asmoa dago, aisialdian sortzen den hutsune txiki horri erantzunez. Bestetik, urteroko ekimenak berrituta etorriko dira, adibidez, toponimiako liburuxka ibilbide berri batekin etorriko da eta beste zenbait gauza ere garatzen gabiltza", adierazi du Martin Berrizbeitia Loramendiko dinamizatzaileak.
Gaur egun, 400 bazkide inguru ditu euskara elkarteak eta aurrerantzean, kopuru hori handiagotzeko lan egingo dutela nabarmendu du Martin Berrizbeitia elkarteko dinamizatzaileak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!