Kirolez bustiko da Aretxabaleta aste bukaeran

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 15a, 16:07

Aretxabaleta kirol elkarteak antolatuta hainbat kirol jarduera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute herritarrek egubakoitzean hasi eta domeka eguerdira bitartean. Hirugarrenez egingo dute Aretxabaleta kirolez busti ekimena.

Kirol zaparrada izango da aurten ere Aretxabaletan UDAren eskutik, hirugarrenez dagoeneko, eta helburua da kirola kalera gerturatu eta herritarrei ezagutzera ematea. Horretarako herriko hainbat elkarte eta eragile izango dituzte lagun, Basotxo erretiratuen elkartea, Aresko saskibaloi taldea, Arizmendi ikastola eta Aspace, besteak beste.

Goi mailako paleta partidua

Egubakoitzean hasiko dituzte ekitaldiok patineteen sprintak eginda Durana kalean, 17:00etan.

Egun nagusia, ostera, zapatua izango da. Aurreko ekitaldietan legez, Basotxo erretiratuen elkarteko lorategian doke txapelketa jokatuta hasiko dute eguna. Ondoren, herriko pilotari gazteek partiduak jokatuko dituzte Iturrigorri pilotalekuan, eta 12:00etan, Iturrigorrin bertan, aste bukaerako ekitaldirik nagusienetakoa izango da: gomazko paleta partidua. Munduko pilota batzarra zirkuituko partidua da eta goi mailako pilotariak izango dira nor baino nor gehiago: Nagore Martin eta Itsasne Agirre, Miren Goikoetxea eta Laura Saezen aurka.

Ordu berean, gimnasia erritmiko erakustaldia egingo dute Herriko Plazan, eta eguerdi partean, herriko hainbat eraikin eskalatuko dituzte eskalatzaile gazteek; aurten, gainera, erronka polita dute: elizako kanpandorrera igotzea.

 Zapatu arratsaldeko ekitaldiak, 17:30ean izango dira. Batetik bolo txapelketa bolatokian Urbaltz elkartekoekin; bestetik, cricket erakustaldia pilotalekuan, Auzoko egitasmoko kideen eskutik; eta hirugarrenik, hirunako saskibaloi partiduak Arlutzeko kantxan, Aresko saskibaloi taldearen laguntzarekin.

 

Paella dastatzea, domekan

Domekari patinen gainean ekingo diote, eta Eskoriatzara joan-etorria egingo dute bi gidarik lagun eginda. Ondoren, Aspaceko lagunek erakutsiko dute zein kirol egiten dituzten. Eta aste bukaera jai giroan bukatzeko paella dastatzea izango da. Atxabaleta ez da gatz bako herrixe izenarekin hainbat herritarrek eta Getxotik etorritako sukaldariek egingo dute paella. Kirolez busti ekimenean parte hartutakoek txarteltxo bat jasoko dute debalde jan dezaten, eta Aretxarte merkatarien elkarteak 600 euro zozketatuko ditu horien artean, 10 euroko 60 bonu hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak