Futboleko botak janzteko sekula ez da berandu eta gutxiago lagun artean jokatzeko. Hori pentsatuta antolatu dute beteranoen arteko partidua.
Hogei lagun inguru ibili dira entrenatzen azken egunotan; batzuk dagoeneko galduta duten forma fisikoa berreskuratu nahian. Gustuko kontuetan, baina, aldaparik ez, eta gustura jardun dute baloiaren bueltan lanean.
Juan Cruz entrenatzailearen aginduetara
Eskarmentu handia duen Juan Cruz entrenatzaile aretxabaletarraren esanetara dabiltza entrenatzen. Hainbat kategoriatako taldeak entrenatu izan dituenak erronka polita du aurrez aurre. Jokalariak, ostera, debagoiendarrak dira; hori bai, Guztiak UDAn jokatutakoak. Gehienek aspaldi utzi zioten futbolean jokatzeari, baina gazteago batzuk ere arrimatu dira taldera.
UDAko beteranoek ez dute lehenengoz jokatuko Eibarren aurka, eta badakite ondo gertatuta etorriko direla.
Zapatuan da partidua, 11:30ean, Ibarra futbol zelaian. Ikuskizun polita iragarri dute eta harmailak beteta ikusi gurako lituzkete.
UDAren asmoa da aurrera begira ere halako partiduak antolatzen jarraitzea, baita emakumeenak ere. Hori aurtengo udazkenerako antolatu gurako lukete.