Maiatzeko osoko bilkura egin zuen atzo Aretxabaletako udalbatzak eta onartu zuten ekainaren 26an hautes-mahaietan egon beharko duten herritarren zozketa egiteko eskumena alkateari ematea. Zozketa hori maiatzaren 30ean egingo dute.
Bestetik, bake epailearen ordezkoa oraindik izendatzeko dute eta hautagai bakarra aurkeztu denez, Nerea Egurza aretxabaletarra, hori proposatzea erabaki zuten.
Eztabaida, baina, mozioek eragin zuten. Irabazik aurkeztu zuen Europar Batasuna eta Estatu Batuak merkataritza eta inbertsio libreetarako negoziatzen dabiltzan itunaren aurkakoa, TTIP delakoaren aurkakoa hain zuzen.
Aretxabaleta TTIParen aurkako udalerri izendatzea eskatu zuen eta EH Bilduko zinegotziek babestu egin zuten. EAJko kideak, baina, ez ziren bat etorri, esanaz “oraindik ezagutzeko” dagoela itunak dioena. Eta ez zuen aurrera egin mozioak.
Hurrengo biak diru sarrerak bermatzeko laguntzaren gainerakoak izan ziren. EH Bilduk eskatu zuen aurreko legegintzaldian Aldundiak hartutako laguntzen gaineko erabakia ez uztea bertan behera, eta Udalari eskaera zehatzak egin zizkioten.
Irabazi mozioaren alde agertu zen; ez, ostera, EAJ, eta mozioak ez zuen aurrera egin. Hain zuzen EAJk diru-laguntzaren gaineko beste mozio bat aurkeztu zuen; Elkar Ekin Gizarte Esku-hartze Plan Integrala abian jartzearen gainekoa. Plan hori Aldundiak proposatu du.
EH Bilduk planaren gaineko zehaztasunak faltan bota zituen. Hala ere, ez zen aurka agertu, eta horien eta Irabaziren abstentzioarekin aurrera egin zuen mozioak.