Berrerabiltzeko 3.200 poltsa banatuko ditu Aretxartek

Mirari Altube Arrese 2016ko api. 27a, 16:32

Erabili eta berrerabili kanpaina jarri du abian Aretxabaletako Aretxarte merkatarien elkarteak egunotan. Oihalezko poltsak banatuko dituzte bezeroen artean, gero berriro erabiltzeko konpromisoarekin.

Erabili eta berrerabili lelodun kanpaina Aretxarteren aurtengo lehenengoa da. Bi tamainatako oihalezko 3.200 poltsa arrosa banatuko dituzte datozen asteotan bezeroen artean, dendari bakoitzak 60 inguru: "Poltsa handiak dira ederrak, produktu asko sartzeko; txikiak, ostera, txikiendako oso egokiak, baita merienda eramateko ere", jakinarazi du Idoia Elexpuruk, merkatarien elkarteko presidenteak.

Poltsa oparitu bai, baina berrerabiltzeko konpromisoa eskatu gura diete herritarrei. Eta berrerabiltzen dituztenek saria jasoko dute trukean: ezkurtxoak –Aretxabaletako moneta– oparituko dizkiete: "Euro bateko eta bi euroko balioa duten plastikozko txanponak jasoko dituzte bezeroek eta horiek hainbat tabernatan erabili ahal izango dituzte".

Aretxarte barruan dauden herriko hamahiru tabernetan ordaindu ahal izango da ezkurtxoekin; hona hemen horiek: Bedarreta, Express, Orly, Gurea, Akorde, Haizea, Urbaltz, Izotz, Dagda, Izartu, Eguzki, Atseden eta Aretz.

500 euroko bonoa

Ezkurtxoak oparitzeaz gain, 500 euroko bono baten zozketan ere sartuko dira poltsak berrerabiltzen dituztenak: "Kanpainak iraungo du maiatz guztia, eta zozketarako txartelak beteko dituzte bitarte horretan bezeroek.  Gero, zozketa ekainaren 4an egingo dugu", dio Elexpuruk eta gaineratu: "Bonoaren irabazleak egun horretan, 10:00ak eta 13:00ak bitartean gastatu beharko ditu 500 euroak Aretxarteko dendetan".

Herriko merkatariek ingurumenaren aldeko aletxoa jarri gura dute kanpainarekin. Horregatik, plastikozko eta paperezko poltsa gutxiago behar izateko egunotan oparitutako poltsak kalean ikusi gura dituzte: "Poltsa mordoa pilatzen zaizkigu etxeetan; hortaz, erabil ditzagun Aretxarteren oihalezkoak eta, bide batez, Aretxabaletan olatu arrosa zabaldu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak