Goiena telebistako Harira saioan izan da Unai Elkoro eta herritar baten galderak zioen ea zertan dagoen orain dela hilabete batzuk hedabideetan atera zen Epelen zabortegia egiteko asmoa. Elkorok adierazi zuen printzipioz ezetz, Epelek ez duelako horretarako gaitasunik, eta bi urtean beteta egongo litzatekeela, beraz, Epele ez dela soluzioa, "petatxu" bat izango litzatekeela.
Horren aurrean, Debagoiena Eredu. Zabortegirik ez! plataformatik prentsa oharra bidali dute, eta bertan diote euren susmoa dela mankomunitateak baiezkoa emango diola Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari, eta Gipuzkoa osoko zabor nahasia Epelera ekarriko dutela eta eurek ez dutela hori gertatzerik nahi.
Alkateak gaineratu zuen logikoena bere ustez, zaborra Lapatxera eramatea izango litzatekeela eta Kantabriara eramateko akordioa, berriz, alderdi ekonomikotik "astakeria bat" iruditzen zaiola ere esan zuen Elkorok.
Errauskailua eta kontsulta
Bestetik, errauskailuaren kontua dela-eta, herritar baten galderak zioen ea uste duen gaiak herri kontsulta merezi duen. Alkatearen erantzuna izan zen bere aldetik ez litzatekeela inongo arazorik egongo kontsulta egiteko, baina alternatibak zehaztu beharko liratekeela uste du, herritarrek bataren edo bestearen artean aukeratu ahal izateko.
Debagoiena eredu. Zabortegirik ez! plataformatik, bestalde, iragarri dute zabortegiari baiezkoa ematen baldin bazaio, proiektu horren aurkako sinadurak jasotzen hasiko direla eta proiektuaren aurka mobilizatuko direla.