Udalak gonbidapen berezia egin die aurten Debagoieneko zein kanpoko ikasleei Ostegun bidaiariak ekimenean parte hartu dezaten. Modu horretan, ikasketak edo bestelako arrazoiak direla medio kanpoan izan direnek Aretxabaletako tabernetan euren egonaldien berri emateko aukera izango dute.
Egingarri diren bidaia esperientziak jaso eta kanpoko herrialdeak ezagutzeko grina piztea du helburu egitasmoak. Izena emateko epea egubakoitzean, apirilaren 15ean hasten da, eta maiatzaren 2ra arte egongo da zabalik, Udaleko gazteria sailean.
Oinarriak
Bidaia aurkezpenetan parte hartzeko baldintzei dagokienez, aurkezten dena duela bost urte baino gutxiago eginiko egonaldia izan beharko da.
Parte-hartzaileek diaporamen laburpen bat eta argazki batzuk aurkeztu beharko dituzte eta aurkeztutako lanen artean 4 izango dira aukeratuak tabernetan aurkezteko.
Aurkezpenak euskaraz egin beharko dira eta diaporamaren iraupena 30-60 minutu bitartekoa izango da.
Aukeratutako lau horietatik, irabazlea publikoak erabakiko du, aurkezpenetan zehar euren botua emateko aukera izango dute-eta. Hala, publikoaren gogokoenak ehun euroko saria jasoko du, eta lau parte hartzaileentzat berrogeita hamarna euroko sari ordaina izango da.
Emanaldiak maiatzaren 19ko eta 26ko eguenetan eta ekainaren 2an eta 9an izango dira, iluntzetan, Aretxabaletako taberna desberdinetan.