Bake epailearen ordezkoa izendatzeko prozesua berriro zabaltzea erabaki zuen udalbatzak atzo, hala eskatu diolako Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Bake epailea Olatz Bengoa izango da orain hilabete batzuk egindako deialdian besterik ez zelako aurkeztu, eta horren ordezko postua ere bete beharra dagoela adierazi du orain, Auzitegi Nagusiak.
Bestetik, bi hitzarmen onartu zituzten. Bata, Emakumeen Biraren gainekoa. Debagoieneko mankomunitateari eman diote eskumena Biraren antolatzaileekin hartu-emana izan dezan. Lau urterako hitzarmena izango da; aurten, Eskoriatzan izango du gunea Birak, datorren urtean Antzuolan eta 2018an, Aretxabaletan.
Udalak sinatuko duen bigarren hitzarmena da Eusko Jaurlaritzarekin eta trafiko sailarekin, hain zuzen ere, Aretxabaletan erroldatuta ez daudenen datuak lortu ahal izateko.
Hondakinen bilketa sistema aldaketa
Hondakin kontuak ere izan ziren osoko bilkuran. Debagoieneko mankomunitateari eskaera bat egitea onartu zutelako, zabor bilketa sistema aldatzeko eskaera, hain zuzen ere. Urtarrilean egindako herri galdeketaren ostean esan zuten sistema aldaketa ekainerako egingo zutela Aretxabaletan baina baliteke zertxobait atzeratzea, ondo aztertu gura dituztelako jarriko diren edukiontziak.
EH Bilduko zinegotziek baietza eman zioten sistema aldatzeko mankomunitatera egin beharreko eskaerari, baina era berean, jakinarazi zuten "gainean" egongo direla helburuak betetzen direla ziurtatzeko, hau da, %80ko gaikako bilketa. Alkateak uste du "ez litzatekeela arazorik egon beharko" hori betetzeko.
Era berean, emaitza hori Gipuzkoa osora zabaltzea gura dute EH Bilduko kideek.