Urtero moduan aurten ere irailean egingo dute Aste Kulturala, eta Gabonetan ohiko ekitaldietan parte hartzeko asmoa ere adierazi dute. Era berean, bazkideek pozik hartu dituzte zuzendaritzakoek aurkeztu dieten bidaien zerrenda: "Karnabaletan Tolosan izan ginen eta laster Kantabriara joango gara egun pasa. Abendua bitartean baina, Burgosera, Iparraldera, Nafarroara eta Donostiara joateko aukera ere eskaini diegu. Astebeteko hiru bidaia ere egingo ditugu: apirilean Benidormera, ekainean Bretainia eta Normandiara, eta Galiziara, urrian", azaldu du Jose Inazio Isasmendik, elkarteko presidenteak.
Urteroko kuota: hamar euro
Proposamen berriez gainera, bestelakoak ere jasota zituzten gai-zerrendan. Zuzendaritza batzordeak aurrez hartutako hainbat erabakien berri ere eman diete: aurtengo kuota hamar eurotakoa izango dela eta bidaietarako duten arautegian egin dituzten hainbat aldaketa. Horrez gainera, batzordean jende berria sartzeko dituzten zailtasunak ere azaldu dizkie zuzendaritzako kideek. Gaurko batzarrean hiru kidek euren kargua utzi eta beste hiru lagunek erakutsi dute horien tokia betetzeko asmoa.