Bilbon du egoitza Fiare banku etikoak, eta hango ordezkari Itziar Sobrino Debagoienean izan da argibideak ematen eta aurrez aurre egin beharreko paper kontuak egiten. Arrasate, Oñati eta Aretxabaletako hainbat elkartetako ordezkariekin elkartu da, Aretxabaletako parrokiako kideekin esaterako.
Orain dela bi urte pasatxo erabaki zuen Aretxabaletako Andremariaren Zeruratze parrokiak Fiareko kolaboratzaile egitea eta partizipazio bat erosi zuen orduan. Orain, ostera, bazkide egin da. "Partizipazio harekin bankuko akzioa erosi dugu eta dagoeneko bezero gara. Parrokia orain Fiare banka etika kooperatibaren bazkide da", jakinarazi du Oier Etxebarriak, parrokiako batzordeko kideak.
Banku "ezberdina" delako erabaki dute parrokiako kideek horrekin lan egitea, eta Fiarek ez duela "aparteko" arriskurik dio Etxebarriak; gainera, beste batzuk baino "inpago gutxiago" dituela dio.
Parrokiarekin batera beste elkarte batzuk ere egin dute bat Aretxabaletan, Hiruatx hirugarren munduaren aldekoak eta erretiratuen elkarteak, besteak beste. Udala ere gonbidatu gura dute. Eta elkarteak ez ezik norbanakoak ere egin daitezke bazkide Internet bidez, eta horretara animatu ditu Etxebarriak.