Agustindarren komentua eta lursaila erosi ditu Aretxabaletako Udalak

Mirari Altube Arrese 2016ko urt. 28a, 16:17

Aretxabaletan dagoen agustindar mojen komentua gaurtik herriarena da, Udalak erosi egin duelako. Agustindarrek aretxabaletarrei utzi gura izan diete eraikina eta lursaila eta balioaren %40a dohaintzan eman du. Gaur sinatu dute salerosketa dokumentua eta orain Udal ordezkariek erabaki beharko dute zer egin eraikin horretan. 

Irailean iragarri zuten agustindar mojek Aretxabaletatik alde egingo zutela eta herritarrek urriaren 25ean agurtu zituzten. Ordutik hona Udalarekin negoziaziotan ibili dira eraikinaren kontura, eta dagoeneko lortu dute erosteko adostasuna. Unai Elkoro alkatea pozik dago gaur sinatu duten salerosketarekin, uste baino merkeagoa izan delako; izan ere, balioaren %40 dohaintzan eman dute. Elkarteak 1.100.000 euroko balioa eman dio eraikinari eta inguruko lursailei, eta dohaintzari esker 660.000 euro ordainduko ditu Udalak zazpi urtetan banatuta. 

Udalarendako baldintzak

Dohaintzan ematerakoan baldintza batzuk jarri dizkiote Udalari agustindarrek: lursaila eta eraikina banatzea, hau da, bi zati ezberdin lez hartzea; dohaintzan emandakoak beti erabilpen publikoa izatea; eta inoiz ez eraikitzea orain eraikitakoa baino gehiago. Azken hori gertatuz gero agustindar elkartearendako izango litzateke berriro eraikina. "Zentzuzkoak" direla baldintzok uste du alkateak, espekulatze kontuak saihesteko. 

Aretxabaletan 111 urtetik gora egin dituzte agustindarrek eta eskerrak emateko modua izan da dohaintza: "Asmoa zen gure presentziaren seinale bat, ukitu bat, uztea hainbeste urteren ostean", adierazi du Arantxa Jaka kideak, eta badakite barrukoa ikusteko "jakin-minez" daudela herritarrak.

Lorategia laster zabalik

Eraikin horrekin zer egingo duten oraindik ez du erabaki Udalak. Herrian hainbat eraikin daude hutsik, zaharren egoitza izandakoa, esaterako, eta azterketa sakona egiteko asmoa dago. Bien bitartean lorategia zabalduko dutela herritarrendako adierazi du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak