Gipuzkoako Ur Kontsortzioko iturrien arabera, uneotan, bere betetze maila %63 da, eta hori ez da asko, neguan gaudela kontuan izanik; 2004tik gaur arte, egun berean jasotako datuek erakusten dute behin bakarrik egon dela betetze-maila hortik behera: 2007an izan zen, %55eko betetze-maila erregistratu zen.
Egoera ez dela kezkatzekoa diote, ordea, ur kontsortziotik, urtebete baino gehiagorako ura dagoelako oraindik. Izan ere, ehuneko ehunean beteta, hamar milioi metro kubiko ur hartzeko gaitasuna dauka Urkuluko urtegiak; uneotan, sei milioi eta 300.000 ditu; eta urtean sei milioi eta 100.000 behar izaten dira bertatik ura hartzen duten 65.495 herritarrak hornitzeko.
Urkuluko urtegiaren bueltan harrapatu ditugun herritarren esanetan ere, bada apur bat deigarria negu betean urtegia gisa horretan ikustea, baina ez kezkatzeko modukoa, oraingoz. Azken egunotan euri apur bat egin du, gainera; ez da asko izan, baina bai egoera zertxobait aldatzeko adina.