Aretxabaletako txistulari taldearen ekimena izan da posta-zigiluak egitea; hain zuzen joan den irailean hil zen Ramon Erañaren burutazioa. Oñatiko Zeka filatelia taldearen bitartez egin dituzte, Luis Maiztegiren gidaritzapean. Irudia, ostera, Jabier Erostarbe oñatiarrak egin du. "Postetxearen baimen guztiak ditu eta guk A tarifa aukeratu dugu, ohiko gutun eta postalak Espainiara bidaltzeko", jakinarazi du Jokin Antxiak, txistulari taldeko kideak eta gaineratu: "200 egitea erabaki genuen jakin barik zelako harrera izango zuten. Orain uste dut herritarrek gustura hartuko dituztela, eta laster bukatuko direla".
Astelehenean aurkeztu zituzten Iriarteren senideen aurrean eta pozik agertu ziren horiek.
Bilobaren begietan kontzertua
Iriarteren urteurrenaren ospakizunak abenduarekin batera bukatuko dituzte. Azken egunotan, baina, ekitaldi mordotxoa dituzte aurrez aurre, UDAkoen omenaldia domekan, eta Basotxoko erretiratuena, astelehenean, esaterako. Abenduaren 23an, ostera, Bilobaren begietan izena duen kontzertua emango du haren biloba Aitor Ziardegik, beste hainbat musikari lagun hartuta: "Txistua beharrean beste instrumentu batzuen doinuak erabiliko dituzte: oboea, teklatua, txeloa…"
Hilaren 23an, gainera, Iriarteren omenezko Interneteko ataria aurkeztuko dute. Aretxabaletako argazki taldeko kideek egin dute eta han zintzilikatuko dituzte danbolinteroaren gaineko kontu guztiak, partiturak, argazkiak eta bideoak, esaterako.