Nekane Soria Errealeko kontseilaria eta emakume sailaren arduraduna, Nerea Etxabe Aretxabaletako Udaleko zinegotzia, Elena Errasti Arizmendi Ikastolako Bigarren Hezkuntzako zuzendaria eta Urtzi Amiano Arizmendi Kirol Elkarteko kidea izan dira prentsaurrekoa aurkezten.
Txapelketan Debagoieneko talde guztiek hartuko dute parte: Mondrak, Bergarak, Aloña Mendik eta Arizmendik. Horretaz gain, bailaratik kanpoko taldeak ere izango dira: Lazkao, Lagun Onak, Eibar, Anaitasuna, Mutriku eta Urki, besteak beste.
Lau maila
Esan bezala, lau maila desberdinetako taldeek hartuko dute parte. Alebinek, infantilek eta kadeteek abenduaren 30ean jokatuko dituzte partiduak, futbol 8ko txapelketan; Senior mailakoek aldiz, futbol 11ko goi mailako triangularra egingo dute abenduaren 31n. Gainera, maila honetan Euskal Herriko talde onenak etorriko dira: Erreala eta Athletic. Horiekin batera Debagoieneko Selekzioa arituko da: Selekzioa Bergara, Aloña Mendi, Mondra eta Arizmendi senior taldeetako neskek osatzen dute. Hori horrela, hiru taldeek indarrak neurtuko dituzte Ibarran. Horren arira, Arizmendi Kirol Elkarteko Urtzi Amianok Erreala eskertu du urtero Gabonetako txapelketa honetan hutsik egin ez duelako.
Emakumeen presentzia indartzen
Prentsaurrekoan egon diren guztiek halako txapelketak egitea eskertu dute, mutilen presentzia gailentzen den kirol honetan emakumeen parte-hartzea sustatzeagatik. "Emakumeen presentzia kiroletan indarra hartzen dabil eta halako txapelketek horretan laguntzen du, duda barik. Ikusi besterik ez dago telebistan gero eta emakumezkoen partidu gehiago dabiltzala ematen, eta ez bakarrik futbolean" azaldu du Soriak. Bestalde, Errastik gaineratu du Arizmendi Ikastolaren helburua dela pertsona euskaldun eta kooperatiboak heztea eta horretan kirolak ere zeresan handia duela.