Aretxarte merkatarien elkarteko kideak Gabonak girotzen hasita daude. Gaztaina saltzailea dagoeneko gonbidatu dute, eta hurrengo bi eguaztenetan, hilaren 16an eta 23an, ere etorriko da. Orduan txartelak banatuko dituzte bezeroen artean gaztainak debalde jasotzeko.
Zigiluen kanpaina
"Hirugarren urtez egingo dugu zigiluen kanpaina eta dagoeneko banatzen hasita gaude txartelak", jakinarazi du Idoia Elexpuruk, Aretxarteko presidenteak. Aurrekoetan legez, tabernetan eta komertzioetan banatuko dituzte txartelak eta sei zigilu ezberdin jarri beharko dira horietan abenduaren 31 bitartean, gero zozketan parte hartu ahal izateko. Sariak izango dira bost bidaia eta 50 euroko hogei bono.
Bestalde, aurten ere gertatu dituzte egutegiak Aretxarteko kideek. Datorren astean banatuko dituzte horiek, eta oraingoan ere "harrituta" utziko dituztela herritarrak jakinarazi dute.
Herrixe dantzan bideoa
Herrixe dantzan! 166 ilusio, 166 opari ekimena ere jarriko dute abian Udalarekin batera. Oraingoan ere hamar euroko 166 bono izango dituzte banatzeko merkatariek eta tabernariek. "Astelehenean, abenduaren 14an, hasiko gara banatzen bezeroen artean agortu arte", dio Elexpuruk. Ekimen horri lagun egiteko bideoa egin izan dute azken urteotan, eta aurten ere ez dute hutsik egingo Ibai Zangituk eta Mikel Alberdik.
Erakusleiho lehiaketa
Bestetik, erakusleiho lehiaketa deitu du gaurtik hilaren 23a bitartean Udalak. Ez dago izenik eman beharrik eta ohiko produktuekin apainduta egon beharko du dendak epe horren barruan. Epaimahaia osatuko du aditu batek eta kontuan hartuko ditu beste batzuen artean erakusleihoaren kalitatea, originaltasuna, eraginkortasuna eta argien erabilera.
Saria banatuko dute hilaren 23an; plaka eta ezustekoa. Eta euskarazko mezu politenak ere izango du saria.