Abenduaren 20ko hauteskundeei begira aurrekanpainan sartuta dabiltza alderdiak eta atzo, martitzena, EH Bilduko ordezkariak izan ziren Aretxabaletan. Giro lasaian, herritarren zalantzak argitzeko tartea hartu zuten, eta batez ere, independentziaren eta erabakitzeko eskubidearen gainean jardun zuten.
Eskoziako eta Kataluniako independentzia prozesuak aztertu zituzten. Ainhoa Beola Gipuzkoako batzarkideak emakumeek izan duten paperaren gaineko azterketa egin zuen eta oraindik ere "eredu patriarkalak apurtzeko borrokan" jarraitu behar dela adierazi zuen.
Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak, Kataluniaren prozesuaren atzean dauden arrazoiak aztertu zituen: hobeto bizi nahia; faktore identitarioa; eta estatuaren aldetik jasandako eraso bortitza. Independentzia prozesuan ekonomiak duen garrantzia ere aztertu zuen. Horregatik "ezin dela gehiago itxoin" aipatu zuen, "etorkizunaz gain oraina ere hipotekatzen" dabilelako Euskal Herria.
Hori horrela Madrileko Kongresuan eta Senatuan egotea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen Beitialarrangoitiak, "Madrileko erabakiek egunerokoan dutelako eragina". Eta Madrilera begira zelako zerrenda aurkeztu duten argitu zuen: "Plurala, EH Bildu den bezala; ikuspegi ezberdinak dituena; gazte eta helduen ahotsa duena; emakumeena; presoen senideen ahotsa eraman nahi duena... Hau da, oso bariatua, gizarte hau den bezalaxe, eta gainera, irabazteko bokazioarekin aurkezten dena".
Zerrenda horretan hiru debagoiendar daude Ander Rodriguez eta Amaia Larrañaga arrasatearrak kongresurako eta Maialen Urzelai oñatiarra senaturako.