Ekuadorko Napo probintzia hautatu dute Hiruatxeko kideek azken proiektua garatzeko. Aretxabaletako gobernuz kanpoko erakundeak kitxuek osatutako Wiñak kooperatibako kideei lagunduko die kakaoa ekoizten. 257 bazkide ditu kooperatiba horrek eta horietatik %66 emakumeak dira.
Wiñak kooperatibako kideak aspaldiko lagunak dituzte Hiruatxekoek, orain dela hainbat urte Truke programari esker Debagoienean izan zirelako. Proiektu serioa eta sendoa dutela ikusita erabaki dute laguntzea orain eta bi urteko proiektua jarri dute abian. Kakao ekologikoaren ekoizpenean lagun eginda hainbat helburu lortu gura dituzte.
Hain zuzen egunotan Ekuadorren dabil Hiruatxeko kide Ibon Antero bertatik bertara ezagutzen hango egoera; eta berri pozgarriak bidali dizkie.
Hogei urtetik gora daramatza Hiruatxek hirrugarren munduko herrialdeei laguntzen; azken laurak Mozanbiken egin ditu Mundukiderekin batera. Eta beti izan dute aretxabaletarren babesa.
Kakaoa izanik aurkezpeneko protagonista txokolatearekin goxatu zuten ilunkara, eta Oñatiko Txokolateixako Anton Azpiazu adituak horren gaineko argibideak eman zizkien elkartutakoei.