Orain dela 111 urte etorri zen agustindar mojen elkartea Arrasatetik Aretxabaletara. Eta herriaren erdi-erdian zegoen bainuetxea hartu zuten bizilekutzat. Orain dela 36 urte inguru bainuetxea utzi eta eraikin berria egin zuten handik metro gutxitara.
Errekabarren kalean dagoen eraikina hutsik geratuko da laster eta Udalak erosteko aukera aprobetxatu gura du. Unai Elkoro alkateak onartu du hainbat bilera egin dituztela mojek izendatutako ordezkariarekin, azkena eguaztenean. "Nik uste laster iritsiko garela akordio batera".
4.000 metro koadro inguru ditu mojen lursailak eta eraikinak 1.600 metro koadro. Eta izendapen ezberdinak dituzte: batetik ikastetxe erabilera; bestetik, gizarte-kulturarakoa; eta hirugarrenik, erresidentzia.
Etxerik egiteko asmorik ez
Aretxabaletako Udalak zor handia du oraindik ordaintzeko, bost milioi euro ingurukoa. Hala eta guztiz, alkateak uste du erosi ahal izango luketela, beti ere "zentzuzko prezioa" izanik. Erosiz gero Udalak argi du etxerik ez dutela egingo han, herrian oraindik hainbat daudelako saltzeko. Hala ere, ez du argi zer egin ahal izango litzatekeen, ondo pentsatuta hartu beharreko erabakia dela uste du.
Udalaren hainbat lokal daude hutsik herrian, Errekabarren kalean dagoen zaharren egoitza izandakoa, esaterako. Eta horiekin guztiekin zer egin hausnartu behar dutela jakinarazi du alkateak. Aretxabaletan hainbat "behar" daudela uste du eta udaletxea, bera, "egoera eskasean" dagoela dio.