Eskaintza zabala
Bizikleten topaleku bihurtu ziren Aretxabaletako Herriko Plazako arkupeak, atzo arratsaldean; baita patineteen, motor txikien, eta patinen topaleku ere. Bigarren eskuko bizikleta azoka egin zuen han Udalak, eta eskaintza politak izango zirela jakinik, ume eta guraso mordoa arrimatu ziren bertara.
Batzuk kuxkuxean jardun zuten, beste batzuk begira eta probatzen. Eta behin probatuta erosi ere egin zituzten askok: "Jende asko etorri da eta materiala saldu dugu, batez ere umeendako kontuak: umeendako bizikletak, patineteak…", zioen Maider Etxanizek, Gazteria teknikariak.
Herritarrek ganbarak eta biltegiak hustu dituzte egunotan eta lehenengoa izan arren azoka txukuna egin ahal izan dute Aretxabaletan.
Mugikortasuna bultzatu nahian
Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egin du Aretxabaletako Udalak eta azoka azken ekitaldia izan da. Joan den domekan, esaterako, Urkulura joan-etorria egin zuten, Guraso Foroak deituta.
Mugikortasun Astearen asmoa da hausnarketa eragitea eta poliki-poliki ohiturak aldatzen hastea, eta herrian ere mugikortasunaren aldeko jarrera martxan jarri dela uste du Etxanizek.
Ikastetxeek ere bat egin dute deialdi horrekin eta asteak iraun bitartean autoak ez erabiltzera gonbidatu dituzte gurasoak.