Lehen zati kaxkarra egin dute Gorka Valleren mutilek, eta 2-0 jarri da Alaves aurretik, bi baloi luzerekin hasitako jokaldiak Asier Benitok aprobetxatuta, kontrol ederra egin eta atzelari aretxabaletarra ondo gaindituta bigarrena.
Gol gehiago egiteko aukerak ere izan ditu talde gasteiztarrak, baina UDArenak izan dira lehen zatiko azken aukera onetan gehienak. Hiru izan dituzte, eta bitan zutoina eta langa jo ditu baloiak.
Bigarren zatian hobeto ibili da Valleren taldea, nahikotxo estutu du Alaves, eta partidua berdintzea lortu du. Lehen gola Iker Sanchezek egin du penaltiz –penalti argia–, eta bigarrena Julen Erañak, atezainaren hutsa aprobetxatuta, arauzko denbora betetzeko hiru minuturen faltan.
Luzapenean, baina, arabarren kapitain Egurenek egin du etxekoen hirugarrena. Datorren jardunaldian Durango hartuko du Ibarran Aretxabaletak, denboraldiko lehen garaipenaren bila.