Ibai ertzean jarriko duten hesiaren zain daude langileak lanek aurrera egin dezaten. Behin hori jarrita asfaltatu egingo dute. 185 metro luze eta lau metro zabal dituen tartea da, eta oinezkoendako zein bizikletendako egokitzen dabiltza. Argiteria egokia jarriko dute gainera, puntu ilunik egon ez dadin.
Pasealekuaren gainerako lanak ere aurten egin dituzte eta dotore utzi ibaiaren bazterra. Guztiz txukuntzeko, baina, argindarraren posteak lurperatu behar ditu Iberdrolak.
Dena den, pasealeku hori, guztiz bukatu barik geratuko da, Loramendi kaletik kiroldegira arteko zatiari ez diotelako helduko momentuz. "Proiektua ere ez dago eginda. Egiteko beharra dagoela pentsatuz gero datorren urteko aurrekontuan sartu beharko litzateke. Komeniko litzateke lanok bukatzea guztiz", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak.
Bidegorriaren lanak urrian
Geltoki plazan, ostera, Basabeazpitik Santa Kurtz kalera arteko tartean, bidegorria egingo dute. 345.000 euro aurreikusi ditu Udalak horretarako eta lau enpresa aurkeztu dira lehiaketa deialdira. Irailean hautatuko dute Udal ordezkariek lanok egingo dituena.
Bizikletendako eta oinezkoendako txukunduko dute Geltoki plaza. Bizikleten guneak 2,5 metroko zabalera izango du, eta hori eta aparkalekuaren artean 80 zentimetroko babes gunea egongo da. Lurzorua txukundu bakarrik ez, lur azpiko lanak ere egingo dituzte bertan, saneamendu lanak hain zuzen ere.
Lanok urria inguruan hasiko dituzte eta abendu bukaeran edo urte berriarekin bukatu. Bidegorri zati hori egindakoan Kurtzebarri eskola artekoa geratuko litzateke egiteko, baina aurretik horri heldu edo ez erabaki beharko dutela dio alkateak. "Guztion artean erabaki beharko dugu. Lehentasunak ezarri beharko dira eta dirua non banatu ikusi. Lehen zatitxoa eginda Kurtzebarri ostera arteko lanak egitea komeniko litzateke".