Lau asteko entrenamendu saio gogorren ostean, gogotsu zeuden UDAko jokalariak denboraldia hasteko Hirugarren Mailan. Horixe erakutsi zuten Gorka Vallek eta Jose Javier Barkerok gidatutako mutilek, hain zuzen ere, lehenengo zatian; urduri zelairatu ziren baina poliki-poliki euren tokia topatu zuten zelaian.
Bigarren zatian aukera politak izan zituzten etxekoek; aukerarik garbiena alboko sake baten ostean etorri zen, baina errematea gora joan zitzaion Arizmendiri. Piruk ere izan zuen beste aukera bat.
Partiduaren azken minutuetan sortu zuen arriskurik handiena Beriok Asier Castellanoren atean, baina bukaeran golik ez, eta puntu banaketa. Denboraldiko lehen partidua ontzat eman dute UDAko kideek, baina beti ere argi izanda etxean puntuak eskuratu beharra dagoela.
Markel Ilzarberen debuta
Taldea indartzeko ekarritako hiru jokalariak, Markel Ilzarbe, Markel Lete eta Jokin Gorostola, ondo egokitu direla jakinarazi du kirol arduradunak. Atzo, Ilzarbek egin zuen debuta eta oso pozik dago Arenaza hark egindako lanarekin.
Ez dute erronka makala Valle eta Barkero entrenatzaileek, taldea Hirugarren Mailan eustea, hain zuzen. Eta hurrengo hitzordua da domekan, Gasteizen, Alaves B-ren aurka; partidu zaila hori ere. Hori jakinik gogor egingo dutela lan astean iragarri du Arenazak, "ondo baino hobeto" gertatzeko domekako partidua.