Musika dela, kirol hitzorduak direla, umeendakoak ikuskizunak eta oro har, jai giro apartekoa, aitzakiarik ez da, beraz, astelehenera bitartean Aretxabaletatik bueltatxo bat, edo akaso gehiago emateko.
Proposamen batzuk segidan:
Gaur, egubakoitza
Umeek bainu-jantzian ibiltzeko hitzordua dute gaur, egubakotza: 17:30ean, Arlutzeko kantxa aparrez estaliko dute euren gozamenerako. Eta ez horren umeek, berriz, ginkana musikatuan parte hartzeko gonbitea, gazteen eskutik, 18:00etan.
Alkate handi eta txikiak
Aretxabaletar ugari, berriz, udaletxearen inguruan batuko dira iluntzean, tradizioari eutsi eta Ikurrinari agurra egin ostean, alkate handi zein txikiek txupinazoa zela jaurtitzen duten ikusteko. Ez dute kalerik egingo, jakina, ekimenera dotore-dotore bertaratzen diren Aretxabaletako abesbatzako kideek.
Gautxoriek, berriz, gazte afaixa dute aukeran, eta jakina, ondorengo playback lehiaketan ederki asko pasatzeko proposamena ere bai.
Vendetta eta Skakeitan
Zapatu goizean, berriz, Sartagudako bandaren doinuekin hasi, meza nagusiaren aurretik izango den elizbiraren seriotasunetik pasa eta Jakin eta Jolas pailazoen ikuskizun ez horren serioarekin borobilduko dute.
Eguna borobiltzeko, iluntasunak ekarriko dituen Vendetta eta Skakeitan taldeek gaztetxo ugari erakarriko dituen zalantzarik ez da.
Txirrindularitxa, pilota…
Eta domeka, bereziki, kiroletarako eguna izango da batetik. 10:00etan abiatuko da Durana kaletik Leintz Bailarako 77. Itzulian parte hartuko duen tropela, eguerdi ingurura arte Leintz ibarra zeharkatuko duena. Eta gaueko hamarretan, berriz, besteak beste, Berasaluze II.-Aretxabaleta bikoteak Artolak eta Zabalak osatutako bikotea izango du aurrez aurre Iturrigorri frontoian.
Eta bestetik, aldarrikapenei lekua ere egingo diete gazteek, euskal presoen aldeko urteroko bazkaria eginez eguerdian, eta goizaldeko hiruretan, manifestazio nazionala, umoretsu samarra azken hori, Arrasateko zurito basoen kontra egingo dutelako, haiek txikiegiak direla salatzeko asmotan.
Edozein modutan, domekan musikak ere izango du tarte esanguratsua, Def con dos talde madrildar ospetsua izango da-eta, Aretxabaletan.
Sokamuturra eta musika mexikarra
Jaiak bukatzeko, besteak beste, sokamuturra izango da astelehen goizean eta iluntzean, Durana kalean. Eta mexikar doinuak jaien amaiera alaitzeko, Alma Tapatia mariatxien laguntzarekin eta baita ere Los Zopilotes Txirriaos taldearekin.