Eta txirrindulariendako ez ezik, aretxabaletarrendako, debagoiendarrendako eta oro har, bizikleta zaleendako ere kirol proba erakargarria da 77. urtez Aretxabaletan jokatuko dutena. Esan daiteke, gainera, aurten beste urte batzuetan baino pisu handiagoa hartuko duela Aretxabaletako lasterketak, etapa soila barik, aurtengoa lasterketa baten bukaera izango delako: Udako Kriterium-aren amaiera.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa
Hain justu, hiru etapak osatuko dute Udako Kriterium-a, Euskadiko hiru probintziak zeharkatuko dituena, hain justu ere. Egubakoitzean hasiko da, Lemoizen, Bizkaian; zapatuan, berriz, Arabako lurraldetatik pasatuko da, Amurriotik abiatuta eta domekan bukatuko da, Aretxabaletan.
Ikusgarria izan ohi da Leintz Bailarako itzuli hau, bertan parte hartzen duten txirrindularien mailarengatik, eta aurten ere, halaxe izango dela seguru daude antolatzaileak.
Hala, zaleetako askok Leintz Gatzagarako igoera zaharrean egotea izaten dute gustuko, lasterketa bertatik pasatzen ikusteko; baina beste ikusle askok nahiago izaten dute Aretxabaletan bertan geratzea, kontuan hartuta, gainera, lasterketa bertatik hainbat bider pasatuko dela. Izan ere, hainbat urtetan Debagoieneko Bergara aldeko udalerrietatik ere pasatzen ibili den arren, azken urteotan Leintz ibarrera bueltatu da Andramaixetako itzuli hau antolatzaileek uste dutelako bertako jaietako ekimena izanda, horrela izan behar dela.