Zortzi umerekin hasi zuen ibilbidea Pausoka haur eskolak 1990eko uztailean. Eta hori izan dute gogoan gaur, jaialdian. Proiektua abian jarri zuten lau kideek –Maite Ortiz de Zarate, Juxe Zuazua, Jaione eta Amaia Aizpurua– esker berbak izan dituzte orduko alkate Pedro Mendietarendako: "Gure proiektuan sinistu eta babesa eman zigulako". Murrukixo mendizale elkartearen egoitza zaharrean proiektua garatu eta kuartel zaharreko beheko solairuan egokitu zuten lehen egoitza: "Makina bat lan egitea tokatu zitzaigun: gelak egokitu, txukundu, jostailuak lortu…". Eta gero iritsi ziren umeak. Zortzirekin hasi eta 22rekin bukatu zuten ikasturtea: "Proiektua abian jarri aurretik herritarren artean inkestak egin genituen eta bazegoela haur eskola baten beharra konturatu ginen. Eta lehenengo zortzi ume haien gurasoek gure aldeko apustua egin zuten". Gaur, 26 urteren bueltan dituzten ume haiei, eskerrak eman gura izan dizkiete oroigarritxo bat emanda.
Familia handia
Pausoka haur eskolako kideek diote familia handia dela Pausoka. Eta halaxe ospatu dute 25. urteurreneko jai erraldoia. Umeek izan dituzte gaztelu puzgarriak, ipuin kontalaria eta erraldoiak eta kilikiak. Eta helduek argazki erakusketa eta taberna, giro beroari aurre egiteko. Mahaiaren bueltan, ostera, guztiek egin dute bat eta ondoren dantzan jardun DJaren doinuei jarraituta. "Edozein familiatan legez maitasun handia dagoenean momentu gozoak eta haserrealdiak izaten dira; eta guk ere halaxe egin dugu aurrera 25 urteotan", jakinarazi du Maite Ortiz de Zaratek.
Aurrera begirako proiektua
Urteak aurrera, baina beti ilusioz lanean. Hala, orain dela lau urtetik hona Hungaria aldean garatutako filosofia berri bat kontuan hartuta dabiltza lanean: "Umea dela bere garapenaren protagonista dio horrek, eta horretarako kanpoan espazio bat behar genuen", dio Ortiz de Zaratek eta gaineratu: "Horregatik lorategian espazio itxi bat egokituko dugu Udalaren laguntzarekin, txakur kakak ekidin eta umeek jolas egin dezaten".