Gobernu Batzordea zelan osatu duten jakinarazi zuen Unai Elkoro alkateak. Bost kide egongo dira, hiru EAJkoak: alkatea bera, Mikel Uribetxebarria eta Aitor Gabilondo; bi horiek izango dira gainera, alkateordeak. Eta gero egongo dira EH Bilduko Jon Albizu eta PSE-EEko Miren Lorea Lana. "Ondo informatuta egoteko modurik zuzenena Gobernu Batzordean egotea dela uste dugu eta eskaintza egin diegu", jakinarazi du Elkorok, eta gaineratu du: "Ados egongo ez garen puntuak izango ditugu, seguru, baina oraingoz harremana ona da alderdi guztien artean eta eskaintzak begi onez hartu dituzte". Hala, Irabazik ere interesa agertu duela Gobernu Batzordean egotean dio eta hori zelan bideratu aztertuko dutela.
EH Bilduko kideek onartu egin dute eskaintza hori: "Jarrera irekiarekin eta akordioak bilatzeko gogoz heldu nahi diogulako lanari", jakinarazi dute eta gaineratu: "Eguneroko erabakiak hartzen diren foroan egotea gura izan dugu, proposamenak egiteko eta eztabaidetan parte hartzeko". Hala ere, argi utzi gura izan dituzte hainbat zehaztasun. "Gobernuan egoteak ez du esan nahi gobernuaren parte garenik. Libre sentitzen gara gure lekutik lan egiteko". Era berean, EAJri zera eskatu diote: "Gure presentziaren egonkortasuna bermatzea. Eta parte-hartzea muturreraino eramateko jarrera gauzatzen dela ikusi nahi dugu. Horretarako EAJk zubiak eraiki beharko ditu, parte-hartze ordenantza sortuz, adibidez".
Bederatzi batzorde
Gainerako Udal batzordeak ere osatu dituzte eta asteleheneko osoko bilkuran onartu. Bederatzi izango dira: "Aurreko agintaldian baino pare bat gutxiago daude, eta behar bada aurrerago, urtea bukatzeko-edo gutxiago izan daitezke. Parte-hartzeari dagokionez, esaterako, parte-hartze politika bat definitu gura dugu eta gero beste batzorde guztietan aplikatu hori. Hortaz, behin aplikatuta ez lukeela zentzurik izango batzorde horrek uste dugu", argitu du Elkorok.
Hona batzordeak:
- Hirigintza, Obrak eta Ingurumena Unai Elkoro Jon Albizu/Xabier Igartua
- Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna Nerea Etxabe Hector Prieto/ Jon Albizu
- Kirola Mikel Uribetxebarria Oihane Etxebarria
- Hezkuntza eta Euskara Aitor Gabilondo Irati Pagoaga
- Kultura Joxe Migel Uribarren Oihane Etxebarria
- Garapen Ekonomikoa eta Enplegua Unai Elkoro Xabier Igartua
- Ogasuna Unai Elkoro Oihane Etxebarria
- Gazteria Nerea Etxabe Irati Pagoaga
- Parte-hartzea eta Komunikazioa Unai Elkoro Irati Pagoaga
Alkateak jasoko duen soldata ere onartu zuten; lan jardun osoz egongo da udaletxean aste honetan hasita, eta jasoko du 45.000 euro gordin urtean, uztailaren 1etik aurrera.