Aita gogoan eta elkarlanerako deia eginez hartu du alkate kargua Unai Elkorok

Mirari Altube Arrese 2015ko eka. 13a, 13:22

Ezustekorik ez da izan Aretxabaletan eta EAJko Unai Elkoro izendatu dute alkate. Alderdiko kideen botoak jaso ditu horrek; Irabazik bere buruari eman dio botoa eta gainerakoek, EH Bilduko bost zinegotziek eta PSE-EEkoak zuri bozkatu dute.

Arkupe kultura etxean egin dute ezohiko osoko bilkura, udaletxean ez dagoelako igogailurik, eta herritar asko gerturatu da bertara. Hasiera-hasieratik izan da lagun giroa eta alderdietako kideek elkar agurtu eta berriketan egoteko tartetxoa hartu dute.

Udalbatza eratu dute lehenengo; horretarako adineko mahaia osatu dute hautetsi nagusienak, Joxe Migel Uribarrenek, gazteenak, Hector Prietok, eta Udal idazkariak. Eta idazkariak irakurri die zin egin edo hitza ematearen formula. Batzuek zin egin hautatu dute, besteek hitza eman, eta Alderdi Sozialistako zinegotziak izan ezin guztiek adierazi dute legeak behartuta egin dutela.

Elkarlanerako gogotsu

Behin udalbatza eratuta eta zinegotzi karguak hartuta alkate izendapena etorri da. Kargurako aurkeztu dira EAJko Unai Elkoro eta Irabaziko Luis Mariano Gomez. Elkorok alderdikideen sei botoak jaso ditu; Gomezek berea; eta gainerakoek, EH Bilduko bostek eta PSE-EEkoak zuri bozkatu dute.

Hala, Unai Elkoro izendatu dute alkate herritarren eta udalbatzako kideen txalo zaparrada artean.

Eskerrak eman dizkie Elkorok herritarrei, alderdiko kideei, eta senideei. Eta hunkituta aita izan du gogoan, EAJko zinegotzi izandakoa hura ere.

Hurrengo lau urteei begira elkarrekin lan egiteko gogoa adierazi die oposizioko gainerako kideei. Eta EH Bilduko Xabier Igartua ere gertu agertu da elkarlanerako, "zorrotz baina leial" jardungo dutela adierazi du.

Hasitako moduan, lagun giroan eta alkate berria zorionduta bukatu dute ekitaldia eratu berri den udalbatzako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak