"Ez dago sexu bereizketarik, ez dago adin mugarik, eta ez da lehiaketa, hortaz, etor daitezela beldur barik; kirola egitea, ondo pasatzea eta gozatzea da kontua", jakinarazi du UDAko kide den Oihana Matak. Eta herriko elkarte askoren laguntza izango dute horretan, besteak beste, Basotxo, Arizmendi eta Loramendi.
Goi mailako pala partidua
Bizikleta lasterketak eginda hasiko dituzte ekitaldiak gaur. 2 eta 14 urte arteko neska-mutikoen esprintak izango dira: "Orain urte batzuk Marino Lejarreta lagunarteak antolatzen zituen lasterketa horiek berreskuratu gura izan ditugu", dio Matak.
Gauean, ostera, Aratz elkarteko kideek egindako film laburrak emango dituzte, hainbat sari jasotako filmak hain zuzen ere.
Zapaturako ere ekitaldi mordoa iragarri dituzte. Basotxoko erretiratuen eta UDAko kideen artean jokatu izan duten doke txapelketak beste bi talde izango ditu aurten norgehiagoka jokatzeko: Aretxarte eta Loramendi. Iturrigorri pilotalekuan, ostera, lehenengo neska-mutikoek jardungo dute pilotan eta gero emakumeen goi mailako pala partiduak izango dira: "Gasteizko bikotea, eta Mallabia eta Urnietatik datozen kideak elkartuko dira. Ikustekoa izango da erakustaldia". Eta zapatua bukatzeko kirol jardueretan parte hartutakoen artean 30 euroko 10 txartel zozketatuko dituzte.
Domekan, paella
Domekan, mendi buelta egin ostean paella dastaketa izango da Herriko Plazan. Atxabalta ez da gatz bako herrixe leloarekin Getxotik etorritako sukaldariek eta Aretxabaletako Iñaki Uribetxebarriak eta Jesus Mari Errastik 200 lagunek probatzeko paella egingo dute (kiroletan jardundakoek debalde; gainerakoek 2 euroren truke).
Eta kirolez bustitako aste bukaera agurtzeko Aspaceko kirolariek erakustaldia egingo dute domeka arratsaldean, plazan.
Egitarau osoa hemen: