Aretxabaletako udaletxean igogailua jartzeko dirua bideratu dute

Mirari Altube Arrese 2015ko mai. 28a, 11:34

Azken ohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak astelehenean, hauteskundeen biharamunean hain zuzen. Kiroldegiko tarifa batzuk aldatu zituzten batetik eta hainbat proiektutara dirua bideratu bestetik, tartean udaletxean igogailua jartzeko eta herriko ikastetxeen inguruan itxiturak egiteko. Bilkura hasieran EAJko zinegotziei zorionak emanaz egin zien harrera Ana Bolinaga alkateak.

Kiroldegirako hainbat tasa berri sartzea proposatu zuten eta eztabaida eragin zuen gaiak. Hiru tasa proposatu zituen Kirol zinegotziak, Tomas Fernandezek: batetik kirol elkarteetako eskoletan dabiltzan 3 eta 13 urte arteko abonatu gabeko neska-mutikoei ohikoaren erdia kobratzea, 6,65 euro hilabetean; bestetik, taldekako kiroletan federatutakoei 10,22 euro kobratzea hilabetean, hau ere erdia; eta hirugarren tasa da abono soziala, hau da, %75 arteko hobaria aplikatzea horren beharra dutenei. Horiek, Gizarte Zerbitzuetan egin beharko dute eskaera eta sei hilabetero berrikusiko diete. EAJko kideek ez zuten "egokitzat" jo agintaldi bukaeran proposatzea aldaketak eta aurka bozkatu zuten; eta Aralarkoak abstenitu egin ziren.

Udaletxeko igogailua

Kreditu batzuk aldatzea proposatu zuen Udal gobernuak hainbat proiektutarako, beste batzuen artean udaletxean igogailua jarri eta teilatua konpontzeko, eta herriko ikastetxeen inguruan itxiturak egiteko. Oposizioko kideak ez ziren bat etorri gobernuarekin. Aralarko eta PSE-EEko zinegotziak "premiazko proiektuak" bultzatzearen alde agertu ziren, baina proposatutako guztiak ez zituzten premiazkotzat jo "orain" onartu behar izateko. Alkateak erantzun zien ekainaren 13a arte daudela lanean, eta bi aldiz bozkatuta alkatearen kalitatezko botoarekin onartu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak