Ibilbidearen tarte bat asfaltatuta egongo da, eta bestea, paseatzeko egokituko dute, oinezkoendako zein bizikletendako izango da. Argiteria egokia jarriko dute gero puntu iluna ez dadin izan.
Txarapea eta Iturrizar inguruek lan handia eman dutela agintaldian onartu du Ana Bolinaga alkateak baina lanak aurrera doazela ikusita pozik agertu da: "Agintaldiko erronka izan dira lanak eta luze joan da kontua. Agintaldia horrekin hasi genuen eta horrekin bukatuko dugula jakinik pozik gaude".
Etxeen eraikitze lanak bukatu ostean egin ohi dituzte urbanizatze lanak. Oraingoan, baina, lanak aurreratu eta Iturrizar plazako etxeak bukatu baino lehen urbanizatuko dute. Horregatik Aretxabaletako alkateak eskerrak eman gura dizkio Ortuzal promozioko jabeari.
Loramendi kaletik kiroldegirainoko tartea geratuko litzateke egiteko pasealekua bukatzeko.