Herri barruan oinez ibiltzea dela egokiena ondorioztatu dute ikasleek

Mirari Altube Arrese 2015ko api. 28a, 17:02

Aretxabaleta barruko joan-etorrietarako oinez ibiltzea da onena. Horixe ondorioztatu dute Kurtzebarri eskolako 6 eta 16 urte arteko neska-mutikoek, eta atzo, astelehena, udalbatzako kideei jakinarazi zieten. Mugikortasunaren gainean ikasturtean zehar egindako lanaren berri izan zuten Udal ordezkariek, eta etxeko lanak ere jaso zituzten.

Kurtzebarri eskolako 6 eta 8 urte artekoek herriko kaleak behatu dituzte, eta atzo eskatu zuten hainbat kaletan, Santa Kurtzen esaterako, espaloiak eta zebrabideak maila berean jartzeko eta beste batzuetatik oztopoak kentzeko.

Herritarren ohiturak aztertu dituzte 8 eta 10 urte artekoek. Azbe lantegi alboko bidegurutzean jarri eta hamabost minututan zenbatu zituzten autoak eta horietan zihoazen lagunak. Ondorioa izan zen 101 autotan, 121 lagun zihoazela. Hori horrela, Udal ordezkariei eskatu zieten oinez, bizikletan eta garraio publikoan ibiltzeko samurtasunak eman ditzatela. "Eskolara gehienok oinez joaten gara, beste batzuk patinean eta bizikletan eta oso gutxi autoan", zioen Nere Roldan ikasleak. Herriko komertzioetan erosteko eta herriko zerbitzuak erabiltzeko kanpainak egiteko ere eskatu zuten.

Igogailua abendurako

Ezintasunak dituzten herritarren lekuan jarri dira 10 eta 12 urte arteko ikasleak, itsuen eta gurpildun aulkian dabiltzanen lekuan esaterako, eta horrela Aretxabaleta herri irisgarria den aztertu. Oztopo ugarirekin egin dute topo horiek eta eskatu zuten beste batzuen artean, zebrabideak ondo seinaleztatuta egotea, espaloiak zabalagoak izatea hainbat gunetan eta udaletxean igogailua jartzea. "Aurrekontuan sartuta dago igogailuaren proiektua eta gu egon ez arren abendurako jarrita egongo delakoan gaude", jakinarazi zien Ingurumen zinegotzi den Lore Martinez Axpek.

Derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleek, ostera, kutsadura aztertu dute. Aireari dagokionez, kutsadura ertaina dagoela Aretxabaletan jakinarazi zieten, eta zarataren kasuan autoen eragina nabarmen igartzen dela herriko zenbait gunetan.

Udalbatzako kideek adi-adi jarraitu zituzten neska-mutikoen azalpen guztiak. Ikasleek bertsoak abestuta agurtu zituzten agintaldia laster bukatuko duten horiek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak