Atzo, eguaztena, Arkupen egindako ekitaldian aurkeztu zuen Aretxabaletako EH Bilduk Xabier Igartua zerrendaburuarekin batera taldean izango diren lagunak. Kudeaketarako "talde sendoa" hain zuzen ere Igartuaren esanetan: "Kudeatzeko gai dena, baina beti ere beste kudeaketa modu bat oinarri hartuta, geure ezaupidetik eta estilotik". Eta pozik azaldu da guztiz "anitza" delako: "Gizon eta emakumeei dagokionez, adinari dagokionez, lanbideari…". Eta gaineratu du guztiak direla EH Bildukoak: "EAkoak daude, Alternatibakoak, Aralarkoak eta inongo alderditan ez direnak egon; batzuk erakundeetan esperientzia dutenak eta beste batzuk ez, baina guztiok gara EH Bildu. Ezaugarri ezberdinekin eta matiz askorekin".
Oinarri sendoak dituela taldeak jakinarazi du Igartuak eta lanerako "gogotsu" daudela: "Lana ondo egin gura dugu, umil, jakinda nortzuk garen, nondik gatozen eta nora goazen".
Garapen ekonomikoa eta partehartzea
Programari dagokionez garapen ekonomikoak garrantzi handia duela egungo egoera kontuan hartuta jakinarazi du, baina arlo guztiak izanik garrantzitsuak: "Udalak ahalmen txikia du garapen ekonomikoaren arloan. Horregatik uste dugu mankomunitate mailan lantzen badugu baliabide gehiago izango ditugula eta ahalmen handiagoa izango dugula".
Eta herritarren partehartzea oinarrizkoa izango dela argitu du: "Herrirako lan egiteko eta udal jarduna egokia izateko derrigorrezkoa da partehartzea".
Aurkezpen ekitaldian Garazi Mugertza, Deba Urolako EH Bilduren hautagaia, izan zuten lagun.
Zerrenda osorik
Hona zerrenda osorik:
1. Patxi Xabier Igartua Bengoa
2. Ion Albizu Gonzalez
3. Oihane Etxebarria Arana
4. Irati Pagoaga Zaloña
5. Hector Prieto Rosado
6. Anjel Maria Bergaretxe Agirregabiria
7. Larraitz Garai Zapata
8. Aitziber Uribesalgo Aretxaga
9. Andoni Miguel Quintero
10. Araceli Herran Montoya
11. Pedro Mendieta Garmendia
12. Miren Lore Martinez Axpe
13. Andoni Altube Lasagabaster
Ordezkoak:
14. Amaia Idigoras Elkorobarrutia
15. Iñigo Louvelli Nieves
16. Larraitz Arando Ilarduia