Ikasle, irakasle eta gurasoek osatutako taldetxoak agurra egin diete gerturatutakoei eta ongi-etorrien ostean bertsoak kantatu dituzte ikasleek trikiti doinuek lagun eginda. Ondoren zinta moztu dute inauguratutzat emateko berritutako eraikina.
Azken urteotako eskaera
Dorleta Gaztañaga zuzendariak gogoratu du gela berrien premia handia izan dutela azken urteotan: "Estu eta larri ibili gara eta esfortzu handia egin dute ikasleek eta irakasleek Iralabarri plazako lokaletara bueltaka ibili behar izan dutelako. Gurasoek, ostera, pazientzia handia erakutsi dute". Guraso elkarteak, zuzendaritza taldeak eta kontseilu eskolarrak lan handia egin dutela gaineratu du: "Ilusioa eta elkarlana dira gure ardatzak".
Ana Bolinaga alkateak eskola euskalduna, laikoa, doakoa eta publikoa aldarrikatu du, eta ikasleen eskubideak bermatu beharra dagoela azpimarratu. Hezkuntza lurraldeko ordezkari Gema Gonzalez de Txabarri, ostera, hezkuntzaren alde apustu egiteko gertu agertu da.
Eskolako kideek ikasgela guztiak erakutsi dizkiete gero gerturatutakoei. Eta arratsaldean gainerako gurasoekin, ikasleekin eta herritarrekin ospatu gura izan dute inaugurazio eguna.