Asteburuko ospakizunekin nahikoa ez, eta Aretxabaletako Arizmendi eta Kurtzebarri ikastetxeetako umeek festarekin jarraitu dute gaur. Eguraldi txarra dela eta, txikienak, 5 urte artekoak, frontoian elkartu dira, eta 6 eta 12 urte artekoak, berriz, Ibarra kiroldegian. Euskal inauteriak gaitzat hartuta, maila bakoitzak mozorro desberdin bat aukeratu du, baina bestelako mozorroak ere egon dira.
Bi ikastetxeetako umeek, gainera, flashmob bat egin dute elkarlanean, Inauterietarako bereziki sortutako abesti eta koreografiarekin. Abestia sortzeko lehiaketa bat antolatu zuen Udalak, eta gaur lehiaketa hartan irabazle izandakoarekin egindako dantza erakutsi dute jendaurrean.
Gero, musika banda batek girotu du goiza, eta, txorizo egosia ogi tartean janda berritu dituzte indarrak. Ondoren, besteak beste, kintoek, ziripotek, piratek eta dalmatek, eskutik helduta kalejira erraldoia sortu dute. Horrez gain, mailaka, dantza bana ere prestatu dute, arratsaldean egiteko.