Basotxo erretiratuen elkarteko kideek, aurten 90 urte bete dituzten bazkideak omendu zituzten zapatuan, Santa Luzia egunean.
Herriko dantzari gazteek aurreskua dantzatu zieten omenaldiaren hasieran. Ondoren, Basotxoko kantu taldeak bi abesti kantatu zituen: Zorionak zuri eta Elurra mara-mara. Opariak banatu zizkieten gero; Gabonetako saski bat eta Basotxoko zapia. Eta horren ostean, Basotxo kantu taldeak euren elkarteko ereserkia abestu zuen ozen. Trikiti doinuak lagun zirela, txokolatea merendatu zuten bertaratutakoek jaiari amaiera emateko.
Elkartea jendez lepo bete zen eta gustura egin zuten ospakizuna: "Oso pozik gaude horrelako bazkideak izateaz. Oso egun polita izan da, jendea pozik egon da eta gu ere gustura gaude", azaldu zuen Jose Ignacio Isasmendi elkarteko presidenteak. Omenduek ere ederto pasa zuten arratsaldea festa giroan.