Sei metroko garaiera duen etxetxoa eta hamaika metroko txirrista duen jolasgunea Gernika plazarako

Mirari Altube Arrese 2014ko aza. 13a, 14:42

Gernika plazako jolasgunea hautatuta dago: Lappset enpresak aurkeztutako proposamena (bigarrena). Hiru proiekturen artean aukeratu dute Udalak eta herritarrek elkarrekin, eta horrek jaso du boto gehien (392) eta puntu gehien (89,93).

Ainara Iraetak, Udaleko Parte-hartze teknikariak, jakinarazi du 607 herritarrek bozkatu dutela: "106 lagunek eman dute botoa Arkupen; Arizmendi ikastolan, 219 ikaslek; eta Kurtzebarri eskolan, 282 ikaslek. Eta bigarren proposamena izan da bozkatuena 392 botorekin; bigarren geratu da, hirugarren aukera (HPC), 204 botorekin; eta azkenengo, lehenengo aukera (HAGS), 11 botorekin. Hortaz, argi geratu da, batez ere umeek, bigarrenaren alde egin dutela".

Herritarrek 15 puntu zituzten banatzeko, eta gainerakoak, beste ezaugarri batzuk kontuan hartuta eman dizkio Udalak. 100 puntutik 89,93 jaso ditu irabazleak.

Etxetxoa, txirrista eta kulunkak

Jolasguneak zortzi aktibitate ezberdin izango ditu, horien artean daude sei metroko garaiera duen etxetxoa, hamaika metroko txirrista, eta kulunkak. Gainera, esfera itxurako jolasak daude lurrean, baita geziak ere. "Osagai batzuk ume txikiagoendako dira eta beste batzuk nagusiagoendako, hortaz, adin ezberdinetakoak elkartuko dira", jakinarazi du Ana Bolinaga alkateak.

Jolasgune horretan oraindik aldaketaren bat edo beste egiteko aukera izango dela ere iragarri du, enpresarekin berba eginez gero. Kurtzebarri eskolako guraso batzuek esaterako, beste proposamen bat egin dute bertan jartzeko.

Lanon kostua da 57.900 euro eta bihar, egubakoitza, esleituko dizkiote Lappset enpresari. Behin hasitakoan bi hilabete beharko dituzte lan guztiak bukatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak