Alfonbra gorria gertu daukate herriko modeloek. Azken urteotan legez umeak, gazteak eta helduak, guztiak izango dira atzera eta aurrera, jira eta dantza, alfonbra gainean. Gainera, oraingoan, oholtza gainera igoko dira, ikusleek gertu-gertutik jarraitzeko modeloen lanak.
Azken produktuak erakutsiko dituzten komertzioak honakoak izango dira: Kilima eta Haurrak umeendako arropa-dendak; Amaia umeendako produktuak eta arropak dituen komertzioa; M-5 kirol-denda; Titare lentzeria-denda; Lie opari-denda; eta Belar Meta gazteendako arropa-denda. "Berokiak, txamarrak eta abrigoak; jertse potoloak eta txanoak; pijamak eta etxerako batak; ume-kotxeak eta horiendako osagarriak; kirola egiteko arropak eta oinetakoak; eta beste arropa eta osagarri mordoa erakutsiko dugu", jakinarazi dute Aretxarteko antolatzaileek.
Horiekin batera, orrazkera dotoreak eta makillaje kontuetan azken nobedadeak erakutsiko dituzte hiru ile-apaindegik: Irudi; L-10; eta Gemes irudi aholkulariak. Begira argazkilaritza dendako Ane Idigoras ere bertan izango da modeloei argazkiak ateratzen. Hala bada, herriko komertzioak eta herriko modeloak, musika dantzagarria lagun, herritarrendako jai giroa sortzen gaur, plazan.