Aretxabaletako 2015ko udal tasek KPIaren gehikuntza izango dute

Imanol Gallego 2014ko urr. 21a, 15:57

Ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean Aretxabaletan. Gai nagusia 2015ko ordenantza fiskalak izan ziren eta horiek onartzerako orduan, gobernu taldeak zinegotzi sozialistaren babesa izan zuen.

Atzo ezohiko osoko bilkura egin zuten Aretxabaletan, eta bertan, datorren urteko udal tasak izan zituzten hizpide. Batzordeetan hainbat adostasunera iritsi eta gero, ordenantzek Bildu eta PSE-EEren babesa jaso zuten, Aralar abstenitu egin zen eta EAJk kontra bozkatu zuen. Ana Bolingana alkateak azaldu zuenez, hurrengo urteko tasek KPIaren gehikuntza izango dute, eta negatiboa bada, izoztu egingo dira, "erkidegoko KPIaren urteko gehikuntza aplikatuko dugu, eta negatiboa bada, ordenantzen prezioak izoztu egingo dira", esan zuen Bolinagak.

EAJko zinegotziek tasak orokorrean landu izana kritikatu zuten, euren iritziz tasa bakoitzak lanketa propioa behar du-eta, "igoera orokor bat baino, tasa bakoitza bere aldetik aztertzea eskatu genuen", azaldu zuen Mikel Uribetxeberria bozeramalea jeltzaleak.

Onartutako tasen artean eztabaida luzeena sortu zuena zabor bilketarena izan zen. EAJko zinegotzien ustez honelako zerbitzu bat%100ean tasa bidez ordaindu beharko litzateke, "2012. urtetik zerbitzua defizitarioa da, eta beste zerbitzu batzuk ez bezala, hau osorik tasa bidez ordaindu beharko litzateke". Bolinaga alkateak herritarrek zerbitzu publikoak osorik ordaindu beharra baztertu zuen, eta hainbat zerbitzu defizitarioak direla onartu arren, datorren urtean ere soberakin batekin bukatu dutela azaldu zuen.

Pleno lasaia izan zen arren, sozialista eta jeltzaleek datu eta dokumentu falta salatu zuten. Alkateak aktek hainbat hutsune zutela onartu arren, datu eta estimazio guztiak hor zeudela azaldu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak