"Aratuste-martitzeneko ekitaldien balorazioa egiterakoan Lehen Hezkuntzako neska-mutikoendako zerbait falta zela konturatu ginen. Hala, flashmob edo antzeko zerbait egitea bururatu zitzaigun", jakinarazi zuen Zigor Quintanillak, Kultura zinegotziak, ikastetxetako ordezkariekin batera (Kurtzebarri eskola eta Arizmendi ikastola) eguenean egindako agerraldian. Eta gaineratu zuen: "Aretxabaletako izpiritua izan dezan kontu horrek abesti bat sortu eta dantza bat egitea pentsatu dugu".
Abenduaren 15a azken eguna
Aretxabaleta eta Aratusteak oinarri hartuta kantu bat asmatu beharko dute lehiaketara aurkeztu gura dutenek. Mp3 formatuan grabatu eta CDan gordeta eraman beharko da gero abestia (letra word dokumentuan). Eta gutun-azal itxi batean egilearen datuak: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia.
Koreografiarako dantza proposamena aurkeztea ez da derrigorrezkoa, baina eginez gero baloratu egingo dute.
Proposamenak abenduaren 15erako eraman beharko dira Arkupe kultur etxera edo udaletxera. Epaimahaia osatuko dute honako kideek: Lehen Hezkuntzako irakasleak eta Kultura batzordeko kideak. Horiek hartutako erabakiaren berri abenduaren 19an emango dute. Irabazleak 600 euroko saria jasoko du.
Musikariak animatu gura izan ditu Quintanillak: "Badakigu Aretxabaletan musikaren inguruan jende asko dabilela eta guztiak animatu gura ditugu parte hartzera. Abesti polit bat, letra ederrarekin, sor dezatela; aretxabaletarron izpiritua goraipatzen duen zerbait", eta gaineratu: "Ea Aratusteetako abesti ofizial moduan geratzen den hori hurrengo urteetara begira".