Zahartuta geratu da Aretxabaletako erdigunean dagoen Gernika plazako jolasparkea. Horregatik, 2014ko aurrekontuan sartu zuen Udalak hori berritzeko partida, 60.000 euro ingurukoa; eta orain, parke horren ezaugarriak eta baldintzak jasotzen dituen pleguak argitaratu ditu.
Proiektuak jasotzeko epea: urriak 17
Lau enpresarekin egon dira dagoeneko; herriko beste jolasgune batzuk erakutsi dizkiete horiei, Gernika plazaren ezaugarriak aipatu eta eskatutako baldintzen berri eman. Eta proiektu horiek jasotzeko epea urriaren 17an itxiko dute. Lau proposamen horien arteko aukeraketa parte-hartze prozesu bidez egingo du Udalak, hau da, herritarrei hautatzeko aukera emanda. Eta dagoeneko abian da prozesu hori.
Guztiaren berri emateko bilerak egin dituzte herriko guraso elkarteetako ordezkariekin, Basotxo erretiratuen elkartekoekin eta ikastetxeetako arduradunekin. Eta laster ikastetxeetako umeekin egongo dira. Parkea 6 eta 10 urte artekoendako izango da, eta adin tarte horretako neska-mutikoekin bilerak egingo dituzte.
Herritarren gustukoena
Urriaren 17tik 26ra bitartean jasotako proiektuen informazioa egokitu egingo dute, batetik helduendako eta bestetik umeendako. Eta gero, urriaren 27tik 31ra bitartean bilerak egingo dituzte guztiekin proiektuok azaltzeko. Eta azaroan botoa emateko aukera izango dute guztiek.
Herritarren artean gustukoena den proiektuak 15 puntu jasoko ditu; eta gainerakoek hortik behera. Azaroaren 10ean egingo dute boto kontaketa eta azken erabakia gobernu batzordeak hartuko du. Ondoren lanak hasiko dituzte, eta Gabonetarako gertu izatea gurako lukete erabat berritutako jolas parkea.