Gustura itzuli da etxera Aretxabaletako futbolaria, Jose Javier Barkero; izan ere, 17 urtez geroztik herritik kanpora ibili da.
Aretxabaleta kirol elkartean entrenatzaile lanetan jardungo du orain. Alebinen taldea entrenatuko du, eta atzo hain zuzen izan zuen lehenengo saioa. Mutikoren bat edo beste aho zabalik ere geratu zen Barkero ikusterakoan, eta pozik hartu zuten guztiek.
Reala, Albacete, Numancia, Levante eta azken urtea Zaragozan pasatu du Jose Javier Barkerok. Urteetan aurrera doa, eta badaki, baina oraindik beste urtebetez jokatu gurako luke talderen batean eta horren bila dabil. Bien bitartean Aretxabaleta kirol elkartera itzuli da. Egunero jarduten du entrenatzen Ibarra futbol zelaian eta kiroldegian, forma zaindu gura duelako. Eta zergatik ez jokatu UDAko gorengo taldean? Eskaintza egin egin diote, baina ezetza eman du "belar artifizialezko zelaiak belaunari ez liokeelako onik egingo".
Hori horrela, nahiago du entrenatzaile lanetan jardutea, eta ilusio handia du urteotan ikasitako guztia mutikoei erakusteko. Ondo daki elite mailako futbolera iristea ez dela erreza, baina oraindik ibilbide luzea dutela mutiko horiek dio eta poliki-poliki egin behar dutela bidea.