"Urte guztian ez dut arazorik izan, baina gaurkoan hiru bider zulatu zait gurpila, akaso horrek zortea eman dit", horrela azaldu du Baque Campos taldeko Carlos Jimenez txirrindulariak Leintz baialrako txirrindulari lasterketan bizitakoa. Urteko lehen garaipena izan den arren, Jimenezek azken 23 frogetan lehen hamar postuen artean sailkatu da.
Jimenezekin batera Zirauna taldeko Imanol Estevez eta Gipuzkoa taldeko Aritz Bagues igo dira podiumera. Guztiek aipatu dute froga honetan taldeak duen garrantzia, eta maila horretan Caja Rural taldeak eskuratu du preziatu sari hori. Horrez gain, mendi mailan onena Gomur taldeko Mikel Bizkarra izan da. Guztiek irribarretsu eta pozik jaso dituzte alkateak, kirol zinegotziak eta alkate txikiek banatu dituzten sariak.
Parte hartzaileek ez ezik, antolatzaileek ere pozik egoteko arrazoi asko dituzte, besteak beste 210 txirrindularirekin azken urteetako froga jendetsuena izan baita aurtengoa.
Udako Criteriuma
2014 honetan lehen aldiz, Laudio eta Amurrioko frogekin batera Aretxabaletakoa Udako Criteriumaren parte izatea lortu dute. Egubakoitzean Amurrioko froga irabazi ostean, eta gurean bigarren postura lortuta, Imanol Estevezek criteriumeko elastikoari eutsi dio. Domekan jakingo da gasteiztarrak opor garaiko froga honetako lehen postua eskuratu duen edo ez.