Txupinaren aurretik izaten dira mus txapelketa eta apar festa. Azken horretara gerturatu ziren atzoko eguraldi freskoari aurre eginez neska-mutiko ugari, okasiorako primeran jantzita, eta horiek ere, jaietarako gogo-biziz.
Mus txapelketari dagokionez, horrek 40 bikote erakarri ditu. 80 lagun ibili dira, beraz, jokoan, eta beste ugari haien bueltan begira. Eta bien bitartean, erlojuak aurrera egiten jarraitu zuen txupinaren ordura gerturatu arte.
Ikurrinari agurra
Hala, aretxabaletarrek apurka-apurka bat egin zuten udaletxepean. Errespetu handiarekin eta txalo artean hartu zuten beste ezeren aurretik ikurrinari egiten dioten omenaldia, udal korporazioko kideak ere dagoeneko bertan zirela.
Aretxabaleta Abesbatzaren txanda etorri zen gero, pare bat abesti interpretatu zituzten abeslariek gogotsu, horiek ere herritarren txalo zaparradapean, eta Angel Barandiaranen gidaritzapean.
Angel Barandiarani omenaldia
Barandiaran izan zen, hain justu, atzoko protagonistetako bat Aretxabaletan, ezustean, gainera; izan ere, Ana Bolinaga alkateak, plaka bat emanez eta udalbatzaren eta herriaren izenean, urte luzez egindako lanarengatik esker ona helarazi zion, udaletxeko balkoian, zeharo hunkitu zen Barandiarani, are gehiago hark ezer ere ez zekielako.
Edozelan ere, momentuko urduritasunen ostean, eskertza horrengatik Barandiaranek berak ere esker ona adierazi, eta ordura arte moduan, Aretxabaleta Abesbatzak lanean tinko segitzeko asmo sendoa duela azpimarratu du.
Alkate-orde txikiak
Eta urduri ibili ziren, normala den moduan, txupina jaurtitzeko ardura izan zuten alkate orde txikiak: 11 urte egin behar dituen Ane Unanue eta 10 urteko Beñat Larrañaga. Edozelan ere, eta urduritasunak urduritasun, ederki asko bete zuten eginbeharrekoa:
Behin hori guztia bukatuta, Ana Bolinaga alkateak herritarrak zein bisitariak “munduko jairik onenetara” gonbidatu gura izan ditu.
Erraldoi eta kilikiak
Eta atzoko hasierari amaiera emateko, erraldoi eta kilikiekin batera kalejiran joan ziren inguruan zebiltzan gehienak. Batzuk beldurtuta, kilikien aurretik korrika, baina gehienak jolasean eta dantzan, gaiteroen arrimuan haiei atzetik segika. Datozen egunotan, gehiago.