"Munduko jairik onenak" hastear dira

Ubane Madera 2014ko abu. 13a, 14:14

Aretxabaletako Andramaixak dira horiek, jakina. Bertako alkate Ana Bolinagak halaxe deskribatu zituen iaz. Gazteek egin dute jaiotarako lehen hitzordua, txosna-gunean egin ere, gaur (eguaztena) 18:00etarako. Orduantxe igoko dute Mozkorra tomatea, etxafuegoen trakaren danbateko artean. Ondoren etorriko da batukada, eta gauean, berriz, Freedom Boys, Kalaña eta McOnak taldeen kontzertuak.

Hortik aurrera, domekara bitartean izango da bai zeregina Leintz ibarreko inguru horretan. Ekitaldi batzuk nabarmentzearren, bihar, eguena, izango da txupinazo ofiziala, 19:00etan, eta besteak beste, Anje Duhalde abeslariak kontzertua egingo du Herriko Plazan, 22:30ean.

Eliteko txirrindulariak eta pilotariak

Zapatukoen artean, berriz, badira kirol hitzordu bi kontuan hartzekoak: goizean txirrindulari lasterketa; 23 urtetik beherako elite mailako txirrindulariak lehiatuko dira proba horretan. Gauean, berriz, profesionalen arteko pilota txapelketa izango da Iturrigorri pilotalekuan. Besteak beste, Berasaluze II.ak eta Aretxabaletak eta Saralegik eta Ibai Zabalak jardungo dute, nor baino nor gehiago.

Domekara bagoaz, herri bazkariaz gainera, zezenek hartuko dute protagonismoa sokamuturra izango delako goizean eta arratsaldean.

Kulero, tanga eta galtzontzilo lasterketa

Eta beste ekitaldi bat aipatzearren, atzera egin eta egubakoitzera joko dugu berriro, goizaldera, gainera, goizeko 03:00etan kulero, tanga eta galtzontzilo lasterketa antolatu dute-eta Txosna batzordeko gazteek. Aurten, bideo promozional eta guzti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak