Urriaren amaierarako bukatuko dituzte Kurtzebarri handitzeko obrak

Ubane Madera 2014ko abu. 11a, 15:04

Bide onetik doaz Aretxabaletako Kurtzebarri eskola handitzeko obrak. Hiru pisuko eraikina egiten dihardute patio aldera, eta sei gela berri jarriko dituzte bertan, komun berriak eta igogailua ere bai. Irail hasierarako barruko partea eginda izango dute eta urriaren amaierarako bukatuko dute obra osoa.

Moyua enpresa dabil eskola handitzeko obrak egiten. Obra arduradun Manuel Rodriguezek emandako xehetasunen arabera, ezusteko txiki bat izan dute eskolaren sarreran, baina konponduta dute eta gainontzeko guztia proiektuan aurreikusitako moduan doa.

Garbiketa orokorra

Gauzak horrela, irailaren hasierarako barruko partea bukatuta izango dutela jakinarazi du Rodriguezek, eta era berean, abuztuaren amaiera eta irailaren hasiera bitartean garbiketa orokor bat egingo diotela ikastetxeari, obrarengatik sortutako hautsa kendu eta ikastetxea ikasturte berrirako erabilgarri izateko. Hortik aurrera, obra bukatzeko geratzen diren gainontzeko lanak urriaren amaierarako bukatuko dituzte.

Aretxabaletako ikastetxe horretan aspalditik duten leku arazoari irtenbidea emateko dabiltza hiru pisuko eraikin berria egiten; beheko solairua eta beste bi izango ditu datorren ikasturtean, eta barruan, sei gela egokituko dituzte. Beheko solairuko biak handiagoak izango dira, eta horietako bat psikomotrizitaterako erabiliko dute. Beste bost gelak arruntak izango dira. Lehenengo solairuan komunak ere egiten dihardute. Hain justu ere, horixe da oraingo astean egiten dabiltzana.

Igogailua

Horrekin batera, sarrerako eskailerak kendu egingo dituzte, eta berriak eraiki; modu horretan, zuzenean izango du sarrera bertatik; eta igogailua jarriko dute sarreran. Jolasteko patioari kenduko diote lekua hori guztia egiteko, baina bakarrik hiru metro eta erdi.

Kurtzebarri ikastetxeko ikasle ugari Iralabarri plazako Udalaren lokaletara joaten hasi behar izan zuten, ikastetxearen leku faltarengatik: hirugarren mailatik seigarrenera bitarteko ikasleak hain justu ere, bi talde goizetan eta beste bi arratsaldetan. Eta Arkupeko dantza gela psikomotrizitaterako erabili behar izan dute.

Ikasturte berrian, beraz, hori guztia ikastetxean bertan egin ahalko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak