"Adin guztietarako ekintzak bideratzen saiatu gara. Egunez: kale animazioa, umeendako antzerkiak… Eta gauez, kontzertuak; hor ere adin guztiek gustuko duten emanaldiren bat ekartzen saiatu gara", argitu du Zigor Quintanillak, Kultura zinegotziak. Eta jaien aurrekontua da 69.229 eurokoa.
Ikurrinari agurra eginda hasiko dituzte jaiak abuztuaren 14an, eta aurten, Ane Unanue izango da alkate txikia eta Beñat Larrañaga alkateorde txikia. Tradizio bihurtu diren ekitaldiak ez dira falta izango jaietan: mus txapelketa, salbea, Milagroko bandaren emanaldia, txirrindulari lasterketa, profesionalen arteko pilota partiduak, sokamuturra eta herri bazkaria. Ohiko ekitaldiak bai, baina nobedadeak ere bai. Bi aipatu ditu Quintanillak: "Batetik, txirrindulari lasterketarekin batera ume eta gaztetxoendako lasterketak izango dira. Eta bestetik, herri bazkaria gertatzeko beste enpresa bat hartu dugu; bi ontzitan egingo digu hark paella, eta, hala, gutxiago itxaron beharko da bazkaltzeko".
Horiez gain, kontzertuak dira nobedade: 14an, Anje Duhalde; 15ean, Hesian talde nafarra; eta 16an, erromeria giroa plazan eta rock kontzertuak txosnagunean. "Hilaren 17an mariatxiak izango dira, neska taldea. Hala, saiatu gara, batetik, euskal taldeen eta, bestetik, emakumeen presentzia bermatzen", dio zinegotziak.
Gazte Ekimenak osatua
Gazte Ekimeneko kideen proposamenekin osatu dute egitaraua. Haiek abuztuaren 13an hasiko dituzte jaiak mozkorra tomatearen igoerarekin; eta kontzertu sorta handia iragarri dute jaietarako: herriko rock taldeak; Las tea Party DJak; Euskabaret; Arkada Social, The Potes eta Niña Coyote eta Chico Tornado; eta Aldats eta Batek Daki. Horiez gain, egingo dituzte gazte afaria; euskal preso eta iheslarien aldeko bazkaria; eta jolasak plazan.