Aretxabaletako Txarapea ibilbidea txukundu nahi du Udalak, eta hainbat lan egingo dira horretarako. Garrantzitsuenak hiru izango dira: etxe osteko lur-jausiei eusteko lanak, tentsio handiko argindar linea lur azpira eramatea eta kiroldegi gainean bukaera duen errepidea zabaltzea.
Bolinaga alkateak dio lanokin Txarapeako gune guztiak irabaziko duela eta baita herriko erdiguneak ere, autoen zirkulazioa banatu egingo delako.
Bestalde, alkateak jakinarazi du Deba ibai ertzeko pasealekua egokitzeko asmoa ere badutela.
Asmoa da irailean hastea Txarapeako lanok eta bost hilabeteko epean guztia txukun eta berrituta izatea. 369.094 euroko aurrekontua zehaztu dute, eta hori hartuko dute Bruesa enpresak bere garaian abal gisa jarritako dirutik.
Murubide, hil honetarako gertu
Murubide plazako lanak, berriz, uztailean bukatzea da asmoa. Inguru guztia berritu dute eta jolaserako gunea erabilgarri bihurtu. Zehazki, plaza eta etxe arteko irisgarritasuna hobetu, pilotalekuko lurzorua eta inguruko espaloiak berritu; eta ur hornikuntzako hobi batzuk aldatu eta kantxa inguruan argindar instalakuntza berria jarri dute. Oraindik egiteko dagoena da pintura lan batzuk eta ekipamendu berria kokatzea; baita kirol pista zehaztea ere. Hori guztia bukatutakoan, 43.000 euro inguru geratuko direla zehaztu du alkateak, eta erabiliko dituztela atez ateko ontzien esekitokietara jaisteko, arrapala jartzeko.